Gasteizko Parlamentuak HELari emandako ezezkoaren aurrean, otsailaren 13an kalera aterako gara Bilbon #ILPariBAI #PobreziariEZ

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkaritza bat Gasteizko Parlamentuan izan da gaur. Izan ere, Parlamentuan eskubide sozialen alde aurkeztu genuen HELaren tramitazioa bozketagai izan da gaur. HEL honek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 51.000 herritarren babesa jaso zuen, sinadura bidez emandakoa.

Janire Landaluzek babes soziala hobetuko lukeen HELaren defentsa egin du Legebiltzarreko Osoko Bilkuran eta ondoren, alderdiek euren botoa eman dute. Baiezkoa EH Bildu eta Elkarrekin-Podemoseko kideek eta ezezkoa EAJ, PSE eta PPkoek. Hortaz, HEL ez da tramitaziora onartu, aldeko 29 boto jaso dituelako eta kontrako 46.

Botazioaren ondoren, prentsaurrekoa egin dugu Parlamentuan bertan. Bertan, Bea Martxueta eta Janire Landaluzek hartu dute hitza, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako hainbat ordezkarik lagunduta.

Adierazi dute 51.000 sinaduren ahotsa ekarri dutela Lege Biltzarrera. “51.000 BAI bestelako babes sistemaren alde eta 51.000 sinadura pobrezia eta bazterketa sozialaren kontra.”

Berriro ere eztabaida era faltsuan itxi dela zehaztu dute. Berriro ere, beste ekimen batzuekin gertatu den moduan, Lege Biltzarrak HEL bati eztabaida publikoa eta demokratikoari ezetza eman diolako.

Gaineratu dute, hemendik aurrera, EAJ eta PSEren lege proposamen murriztatzaileak oztoporik gabeko bidea izanen duela. “Gure HEL neutralizatzeko sortua izan zen lege proposamena, PNV eta PSE babes soziala deseraikitzeko duten helburuaren bidean kokatzen da”.

“Lege Biltzarrak DSBE eta etxebizitzaren inguruan eman beharreko eztabaida publikoa ekiditzearen kontra” agertu eta mobilizaziorako deia egin dute. “Otsailaren 13an Bilbon, giza katea eginen dugu ezezko jarrera izan duten hiru talde parlamentarioen, PNV-PSE-PP egoitzak batuz”. 10:15ean hasiko da mobilizazioa PPren egoitzatik (Gran Via, 87).

Esta entrada fue publicada en Albisteak y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.