Babesa MUGAK ZABALDUZ karabanari

Uztailaren 14an Mugak Zabalduz Karabana abiatuko da Melillarantz, etorkinek eta errefuxiatuek Hego Mugan pairatzen duten Giza Eskubideen urraketa sistematikoa salatzeko. Hori dela-eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi publikoa egin du Bilbon, ekimen honi bere babesa eta elkartasuna adierazteko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek salatu dutenez, etorkinek eta errefuxiatuek jasaten duten egoera egungo migrazio-politika hiltzaile eta antisozialen ondorio da. “Halako politiken ondorio dira, halaber, biztanleriaren pobretze orokortua eta aberastasunaren banaketa gero eta bide- gabeagoa. Borrokatu beharra dugu, eta eskubide politiko, zibil eta ekonomikoak pertsona guztiei hedatu”.

“Errefuxiatuak eta migratzaileak pobreen arteko gerra islatzen eta are sakonagoa egiten duen ikurra dira. Oso funtzionalak dira sistema kapitalistarako, eta bere urrezko arauetako bat: eskulan, formal edo informal, merkea eta prekarioa, langileen eskubideen murrizketarako bidea formalizatzen duena”.

Hau guztiagatik ekimen honen bozeramaileek euren mespretxu osoa adierazi nahi izan diete Europako erakunde eta gobernuei, kapitalaren eskubideak babesten eta pertsonen eskubideak urratzen ari direlako. “Proiektu neoliberal, patriarkal, militarizatu, baztertzaile eta erregresiboa defendatzen dutenen aurrean, guk elkartasun internazionalistaren alde egiten dugu, pertsonon eta herrien arteko topaketan oinarritua”.

Hona hemen aurkeztutako agiria:

Euskal Herriko Eskubideen Karta sinatu dugun erakunde sozial eta sindikalok babesa agertu nahi diogu Mugak Zabalduz Karabanari. Uztailaren 14an, Melillarantz abiatuko da, etorkinek eta errefuxiatuek Hego Mugan pairatzen duten Giza Eskubideen urraketa sistematikoa salatzeko. Xede dugun jendarte-ereduaren erdigunean, bizitza dago, eta bizitza jokatzen dute, hain zuzen ere, gerratik eta miseriatik ihesi dabiltzanek.

Salatzen dugu etorkinek eta errefuxiatuek jasaten duten egoera egungo migrazio-politika hiltzaile eta antisozialen ondorio dela; halako politiken ondorio dira, halaber, biztanleriaren pobretze orokortua eta aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa. Borrokatu beharra dugu, eta eskubide politiko, zibil eta ekonomikoak pertsona guztiei hedatu.

Gobernuek barnerarazi nahi dizkiguten arrazismoaren eta xenofobiaren muina honelako baieztapen faltsuak dira: “Lana kentzen digute”, “Gaizkileak eta terroristak dira”, “Gure gizarte-laguntzez aprobetxatzen dira”, “Inbaditu egiten gaituzte”, etab. Halako adierazpenek ez dituzte kontuan hartzen neokolonialismo-formak, alegia, egungo eredua herrialde aberastuek Munduko Hegoaldeko herrialdeak mendean izateko.

Europako Batasunean, 119 milioi pertsona baino gehiago pobrezia-arriskuan daude; ondorioz, barne-migrazioak izaten dira herrialde kideen artean. Lan-prekarietatea enpresen eta herrialdeen arteko lehiaren funtsezko osagaia da, orokortua sektore jakin batzuetan (eraikuntza, garraioak, haragi-industria, gizarte-arreta eta etxeko lana), eta EBko langileen arteko barne-migrazioen esplotazioa legeztatzen du.

Nekropolitika da sistema ekonomiko kapitalista eta patriarkalak bultzatzen dituen bideetako beste bat: pertsonak esplotatzeaz eta kanporatzean gain, hiltzen uzten ditu. Nazioarteko krimen hutsak dira. Erailtzen dira mugimendu ekologista, feminista eta LGTBko buruzagiak, nekazariak eta indigenak, beren lurra proiektu hidroelektriko erraldoien kontra babesteagatik, baina sistema kapitalistak sobera dituen pertsonak ere ezabatzen dira: kontsumitu edo ekoiztu ezin dutenek enbarazu egiten dute, eta giza hondakin bihurtzen dira (Bauman).

Sistema kapitalistak jendea behar du oraindik, eta eskulan migratzailea izaten jarraituko du. Baina eskulan horrek ez du eskubiderik izango, eta lan egingo du eraikuntzan, ostalaritzan edo zaintzan, eskulan merke eta prekarizatua bihurtua. Hala, soldatak jaitsi eta lan-baldintzak eskastu egingo dira, jende esplotatuaren eta jende pobrearen arteko gatazka-prozesu batean -kapitalak eta gobernu konplizeek bultzatuta-, nazional pobreen eta atzerritar pobreen artekoan. “Gerra” horrek kapitalismoari egiten dio mesede, eta arrazismoaren eta xenofobiaren euskarri da.

Errefuxiatuak eta migratzaileak pobreen arteko gerra islatzen eta are sakonagoa egiten duen ikurra dira. Oso funtzionalak dira sistema kapitalistarako, eta bere urrezko arauetako bat: eskulan, formal edo informal, merkea eta prekarioa, langileen eskubideen murrizketarako bidea formalizatzen duena.

Gure mespretxu osoa Europako erakunde eta gobernuentzat, kapitalaren eskubideak babesten eta pertsonen eskubideak urratzen ari direlako. Proiektu neoliberal, patriarkal, militarizatu, baztertzaile eta erregresiboa defendatzen dutenen aurrean, guk elkartasun internazionalistaren alde egiten dugu, pertsonon eta herrien arteko topaketan oinarritua.

11 de julio de 2017, Euskal Herria

Kategoriak Uncategorized | Erantzunak desaktibatuta daude Babesa MUGAK ZABALDUZ karabanari sarreran

Langabezia eta pobreziaren hazkundeari erantzuteko, prestazio sozialak areagotu behar dira

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek bilkura egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen egoitzen aurrean, murrizketa sozialek langile klasean dituzten ondorio larriak saltzeko eta Babes Sozialerako Sistema Publiko bat exijitzeko. Kontzentrazio hau Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekaina osoan zehar antolatu dituen mobilizazioen baita kokatzen da.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek salatzen dutenez Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta lan munduan bizi dugun errealitatetik deslotzen dela, DSBE-ren bidez jaso beharreko diru-kopurua SMI edo KPI-tik deslotuz eta aurrekontuei lotuz, alderdiek izan dezaketen borondatea- ren menpe kokatuz. Lan baldintzetan pairatzen ari garen prekarizazio bortitzak handitu egin du arrakala soziala, eta langile pobreen kolektiboa gero eta zabalagoa da. Zehazki, 12.321 langilek jasotzen dute DSBE, jasotzaileen %20ak. Norbere sektore zein errealitatetik egindako irakurketek, errealitate gordinaren osotasuna erakusten digute. Pobrezia ez da krisiaren ondorio naturala! Lan baldintzen kaxkartzeak eta zerbitzu publikoen eraispenak politika neoliberalen logika zein helburuei erantzuten die.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek hainbat proposamen jasotzen dituen testua erregistratu dute.

1. Ezberdintasun sozialak areagotzen dituzten murrizketa oro bertan behera uztea.

2. Langabezia eta pobreziaren hazkundeari erantzuteko, prestazio sozialak areagotzea.

3. Beatriz Artolazabalek DSBE erreformatzeko egindako proposamenak bertan behera utz ditzala eta pobreziaren mugaren azpitik inor bizi ez dadin, prestazio sozialak arautzen dituen legea aldatzea.

4. Horretarako, herritarron, eragile sozial eta sindikatuon parte hartze demokratikoa ahalbideratzea, politika ororen diseinu, erabaki hartze eta kontrolean.

Kategoriak Uncategorized | Erantzunak desaktibatuta daude Langabezia eta pobreziaren hazkundeari erantzuteko, prestazio sozialak areagotu behar dira sarreran

Ekainaren 28. Bizitza anitzak eta duinak

Gaur Euskal Herrian izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.
Honako hauek dira:

•Bilbo: MANIFESTAZIOA 19:30etan Moyua Plazan

•Donostia: MANIFESTAZIOA 19:30etan Boulebarrean

•Gasteiz: BAZKARIA 15:00etan Hala Bedi tabernan – MURALA ETA KALEJIRA 19:00etan Hala Bedi tabernatik – MANIFESTAZIOA 20.00etan Andra Mari Zuritik

•Iruñea: OROIMEN HISTORIKOAREN EKITALDIA 18:30etan – MANIFESTAZIOA 19:30etan. Autobus Geltoki Zaharra

Kategoriak Uncategorized | Erantzunak desaktibatuta daude Ekainaren 28. Bizitza anitzak eta duinak sarreran

FEMINISTOK BABES SOZIALERAKO SISTEMA PUBLIKO PROPIOAREN ALDE BILBON

Bilboko Eusko Jaurlaritzaren delegaritzaren aurrean Feministok kontzentratu gara gaur. “Zuen murrizketak gure zama” eta “Babes sozialerako sistema publiko eta duin baten alde” lemepean mobilizatu gara. Honako irakurketa hau egiten dugu:

Murrizketak. Murrizketak eta murrizketak. Hori da Eusko Jaurlaritzak, EAEn, pobrezia egoeran aurkitzen diren 69.000 pertsonentzako pentsatu duen irtenbidea. Murrizketak eta pobrezia gehiago.
Maiatzaren 31n Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enplegu eta Politika Sozialetako Departamenduak prestazio sozialerako sisteman egin zuen erreformaren neurriak iragarri zituen. Neurriok, orain arteko ildoari jarraituz, prestazioak jasotzeko baldintzen gogortzea ekarriko dute.

Azken urteetan etengabea eta oso gogorra izan da babes sozialeko sistemak jasandako erasoa.
• 2012.urteaz geroztik, aurrekontuetan %7ko murrizketa pairatu du.
• Prestazioak eskuratu ahal izateko baldintzen gogortzea
• SMI-aren %8ko igoera Lanbidek kudeatzen dituen jendarte laguntzetan ez aplikatzeko erabaki hartu berrria.

Horrez gain, jakin berri dugunez, RGI-ko erreformaren puntuetako bat izango da etxe bakoitzeko diru- laguntza bakarra eskatu ahalko dela. Erabaki honekin lan baldintza prekarioak dituzten pertsonen etxebizitzarako eskubideak mugatzeaz gain, familia eredu normatiboaren aldeko apustua da, egungo errealitateari ezikusiarena egiten diona eta bizikidetza mota desberdinen aukerak argi eta garbi urratzen dituena.
Murrizketa hauek salatu eta lehengoratzea exigitzeko, apirilaren 1ean Bilboko kaleetan milaka herritar mobilizatu ginen.

Sistemaren etengabeko erasoen salaketari, Beatriz Artolazabalek zuzentzen duen Departamenduak gidaturiko eta hainbat komunikabidek hauspoturiko kriminalizazio kanpaina arbuiatu nahi dugu. Era berean, prestazioak jasotzen dituzten pertsonei haztarna digitala ezartzea ozen salatu behar dugu.

Lan baldintzetan pairatzen ari garen prekarizazio bortitzak, handitu egin du arrakala soziala eta langile pobreen kolektiboa gero eta zabalagoa da. Langile hauek enpleguaren bidez ez dituzte diru-sarrera nahikoak lortzen eta behartuak daude prestazio sozialak eskatzera, ongizate duina bermatu ahal izateko.

Testuinguru honetan, emakumeok gara kaltetunetakoak, gu baikara, adibide bat jartzearren, kontratu partzialak dituztenen %30,8a. Eta emakumeon prekarietate maila altua, langabezia, soldata-arraila (brecha salarial delakoa) eta feminizatutako lanbideen desbalorizazioa gutxi balitz, dohainik egiten dugun lana ezin ahaztu. Gu gara sistema honek funtzionatzeko behar dituen zaintza lanak dohainik egiten ditugunak eta bizirauteko oinarrizko beharrei erantzuten diegunak estatuek bere ardurak betetzen ez dutenean. Horregatik, eskubide sozialetan egiten duen murrizketa bakoitza gure bizkarrean zama handia da.

Ez dugu onartzen. Nekatu gara motxila handi eta pisutsu hauek eramateaz. Babes soziala ez luxua, gure eskubidea da. Emakume langileak gara, lana soberan dugu eta enplegu duina faltan. Eusko Jaurlaritzaren politika antisozialek jendartearen bazterretara eta miseriara garamatzate. Feministok badakigu alternatibak badaudela: bizitza duina eta burujabea ahalbidetuko duen Babes Sozialerako sistema publiko, propio, duin eta kalitatezkoa nahi dugu.

Horrela, Mugimendu Feministako eragileei deia egiten dizuegu ekainaren 22an, 12:00etan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean Bilbon burutuko dugun ekintzan parte hartzera eta ekimena bera zabaltzen laguntzera. Ekarri zuen motxilak, zama eraikinaren atean deskargatzera goaz eta.

Bizitza burujabea eskubide osoz!
Murrizketa gehiagorik ez! Pobrezia gehiagorik ez! Gora borroka feminista!

Kategoriak Uncategorized | Erantzunak desaktibatuta daude FEMINISTOK BABES SOZIALERAKO SISTEMA PUBLIKO PROPIOAREN ALDE BILBON sarreran

ESKUBIDE SOZIALEN ALDE KALERA IRTEN GARA ETA KALEAN JARRAITUKO DUGU

Gaur Bilbon eta Donostian kalera irten gara Eskubide Sozialen defentsan eta Babes Sozialerako Sistema Publiko Propioaren alde. Gaur prestazio sozialen erabiltzaileen ahotsa entzun izan dugu, aurretik pentsionistena entzun genuen bezala, eta hurrengo asteetan sindikatuena eta mugimendu feministarena entzungo dugun bezala.

Hauxe da gure irakurketa:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Enplegu Zerbitzuko erabiltzaile eta DSBEaren hartzaileen eskutik, Bilbon, Mazarredoko Lanbideren bulegoen aurrean ondoko irakurketa plazaratu nahi dugu:

Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSOE), Alderdi Popularraren babesa bilatu nahian, aurkeztutako Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma proposamena —15 modifikazio eta 5 normatiba aldaketekin— aurkeztu zuen Enplegu eta Politika sozialetako sailburu den Beatriz Artolazabalek. Neurri hauek laguntza hau jasotzeko bete beharreko baldintzak gogortzen dituzte eta prestazio sozial honi lotutako eskubideak murriztu.

Murrizketa hauen ondorioz pobreziarekin amaitu eta oinarrizko bizibidea bermatua izatea zailduko dute:

• Etxebizitza bakoitzean presazio bakarreko muga ezartzen du, etxebizitza batean bizi diren pertsona guztiak elkarbizikidetasun unitate bakarreko kide bezala kontutan hartzen ditu; nahiz eta odolkidetasun edo harreman afektibo edo familiarrik ez egon. Ez da kontutan hartzen bizikidetasun unitate ezberdinak etxebizitza konpartitzeko beharrean daudela, diru sarrera apalak eta alokairu altuei edo hipotekei aurre egiteko zailtasunak dituzten familia edo pertsonak direlako.

• DSBEren kopurua lan munduaren errealitateko elementuetatik deslotzen da, hala nola Soldata Minimo Interprofesional edo Kontsumo Prezioen Indizetik. Beraz, honen aktualizazioa Auronomia-Erkidegoko aurrekontuak negoziatzen dituzten alderdi politikoen borondateari lotuta egongo da. Eskubide sozialak prekarietatea edo pobrezia egoera pairatzen duten sektore sozial zabal eta askotarikoetatik urrun hartzen diren erabakien menpe egongo dira.

• Murrizketa politikak justifikatzen dira kriminalizazio kanpainen bidez. Hauen helburua kolektibo ezberdinak — sektore sozial prekario edo pobreziari aurre egin edo etxebizitza duina izateko aukera minimo batzuk bermatzearen aldeko (adibidez etxebizitza konpartituz) sozializazio formak—estigmatizatuz eskubide sozialekin amaitzea da.

Ez da honelako murrizketak aplikatzen dituzten lehen aldia. Azken urteetan babes sozialaren aurkako erasoak asko eta gogorrak izan dira. Kopuruak murriztuz, 2012ko aurrekontuetatik ezarritako %7ko murrizketa bezala, prestazio hauek jasotzeko bete beharreko baldintzak handituz (DSBE/EPO/AES) edo, duela gutxi bezala, Soldata Minimo Interprofesionalaren %8ko igoera ez aplikatuz Lanbidek gestionatzen dituen prestazioetan.

Aipatutako murrizketen bidez babes sozialerako sistema desegiten ari dira. Sistemak geroz eta pertsona gutxiago babesten ditu eta prestazio geroz eta baxuagoekin. Horregatik diogu honen atzean politika eta pertsona zehatz batzuk daudela. Patronala, lan erreforma baliatzen ari da lan baldintzak kaskartzeko, eta honela pobre gehiago sortzen ari da. Eremu politikoan, babes soziala murriztu eta desegiten ari diren horiek, hartzaileak kriminalizatzen dituzten horiek, pobrezia betikotzen ari dira.

Eusko Jaurlaritza, berau sostengatzen duten alderdiak, euren aliatu politikoak eta Beatriz Artolazabal Sailburuak berak ahaztu egiten dute Euskal Herrian pobrezia existitzen dela eta bizi baldintzen prekarizazioa areagotzen ari den egitate bat dela, ez asmaturiko kontu bat.

Herritarren multzo handi batek, handiegia den multzo batek, ez ditu errekurtso ekonomiko nahikoak ongizate maila minimoa eskuratzeko. Herritar hauek ez dira kriminalak, baldintza kaxkarretan bizirauten duten herritarrak dira. Eta halaxe baieztatzen dute Eusko Jaurlaritzak duela gutxi pobreziari buruz egindako inkestaren datuek.

Era berean, lan baldintzetan areagotzen ari den prekarizazio egoerak arrakala soziala eta langile pobreen kolektiboa handitu ditu. Kolektibo honetan sartzen dira enplegua eduki arren, ongizate maila duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik ez duten herritarrak, prestazio sozialak eskatzera behartuak daudenak. Zehazki, 12.321 pertsonek osatzen dute kolektibo hau, RGI-a jasotzen dutenen %20. Bestalde, 15.706 pentsionistek ere euren pentsioa RGI-arekin osagarritzen dute, jasotzaileen %30. Hortaz, datuak eskuan, RGIa jasotzen dutenen %50arentzat arazoa diru-sarrera baxuak eskuratzea da, ez lanik egin nahi ez izatea.

Pobrezia ez da krisiaren ondorio naturala, ez horixe! Lan baldintzen kaxkartzeak eta zerbitzu publikoen eraispenak politika neoliberalen logika zein helburuei erantzuten die. Politika neoliberalekin, pobrezia hedatzen den bitartean, Confebask, Petronor, Iberdrola, konstruktora edota Kutxaban-en irabaziak handitzen ari dira.

DSBE-aren erreformaren aurrean (Diru-sarrerak bermatzeko eta Inklusio Sozialari buruzko, abenduak 23ko 18/2008 Legea da erreformatu nahi dutena), pobreziarekin, behingoz, amaituko duen lege berria aldarrikatzen dugu eta pobrezia egoeran sakontzen duten murrizketak etetea. Egoerari buelta eman eta beharra duen inor DSBE gabe ez gelditzea da erronka.

Lan pobreziari eta bizitza prekarioei aurre egiteko alternatiba badugu, Babes Sozialerako sistema propio publiko duin eta kalitatezkoa, hain zuzen ere. Bizi proiektu aske zein autonomoa egingarria egingo duen sistema, prestazioak eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituen sistema. Aldarrikatzen dugun erreformak hori bermatu beharko luke eta horregatik irten gara gaur kalera, Lanbide eta Eusko Jaurlaritzako bulegoetan mobilizazioak eginez.

MURRIZKETAN AURREAN, EGOERARI BUELTA EMAN ETA EMERGENTZIA SOZIAL ZEIN POBRETZE EGOERA OROKORTUARI AURRE EGITEKO, MOBILIZAZIOAREN ALDEKO APUSTUAN BERRESTEN GARA.

Bilbon, 2017ko ekainaren 14an

Eta hauek dira testimonio batzuk:

Kategoriak Uncategorized | Erantzunak desaktibatuta daude ESKUBIDE SOZIALEN ALDE KALERA IRTEN GARA ETA KALEAN JARRAITUKO DUGU sarreran