Herri Ekimen Legegilea martxan EAEn

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragile sozial eta sindikatuek prentsaurrekoa eman dute gaur Bilbon. Adierazi dute bestelako politika publikoak behar ditugula, merkatuen aurretik pertsona erdigunean jarriko dutenak, eta aberastasuna banatu.

Honetaz gain, honezkero martxan dagoen Kalitatezko Babes Sistema Publiko eta Sozial baten aldeko Herri Ekimen Legegilea izan dute hizpide. Maiatzaren 30etik urriaren 30era bitarte egongo da sinatzeko aukera EAEn. Nafarroan, Gobernuak ez du HELa martxan jartzea onartu.

Ekimen honekin, eskubide sozialak bermatu eta hobetuko dituzten neurriak hartzea eskatu dute, hobekuntza horien bitartez pobrezia zein bazterkeria sozialarekin amaituz joateko.

Honetarako, Diru Sarrerak Bermatzeko 18/2018 Legea zein Etxebizitzaren 3/2005 Legea aldatu beharra aipatu dituzte.

Kapitalak inposatu nahi dizkigun bizimodu prekarioen aurrean alternatibak badaudelako, herritarrak animatu dituzte herri ekimen legegile hau sinatzera, izan langile, pentsiodun, gazte, emakume, migrante, errefuxiatu edo ikasle, eta honen inguruko mobilizazio guztietan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Etzi, ekainaren 13an, mobilizazioa egingo dute Gasteizen, 10:30ean, Legebiltzarraren aurrean.

Kategoria: Albisteak Etiketak , . Gorde lotura.