Langabezia eta pobreziaren hazkundeari erantzuteko, prestazio sozialak areagotu behar dira

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek bilkura egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen egoitzen aurrean, murrizketa sozialek langile klasean dituzten ondorio larriak saltzeko eta Babes Sozialerako Sistema Publiko bat exijitzeko. Kontzentrazio hau Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekaina osoan zehar antolatu dituen mobilizazioen baita kokatzen da.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek salatzen dutenez Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta lan munduan bizi dugun errealitatetik deslotzen dela, DSBE-ren bidez jaso beharreko diru-kopurua SMI edo KPI-tik deslotuz eta aurrekontuei lotuz, alderdiek izan dezaketen borondatea- ren menpe kokatuz. Lan baldintzetan pairatzen ari garen prekarizazio bortitzak handitu egin du arrakala soziala, eta langile pobreen kolektiboa gero eta zabalagoa da. Zehazki, 12.321 langilek jasotzen dute DSBE, jasotzaileen %20ak. Norbere sektore zein errealitatetik egindako irakurketek, errealitate gordinaren osotasuna erakusten digute. Pobrezia ez da krisiaren ondorio naturala! Lan baldintzen kaxkartzeak eta zerbitzu publikoen eraispenak politika neoliberalen logika zein helburuei erantzuten die.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek hainbat proposamen jasotzen dituen testua erregistratu dute.

1. Ezberdintasun sozialak areagotzen dituzten murrizketa oro bertan behera uztea.

2. Langabezia eta pobreziaren hazkundeari erantzuteko, prestazio sozialak areagotzea.

3. Beatriz Artolazabalek DSBE erreformatzeko egindako proposamenak bertan behera utz ditzala eta pobreziaren mugaren azpitik inor bizi ez dadin, prestazio sozialak arautzen dituen legea aldatzea.

4. Horretarako, herritarron, eragile sozial eta sindikatuon parte hartze demokratikoa ahalbideratzea, politika ororen diseinu, erabaki hartze eta kontrolean.

Kategoria: Uncategorized. Gorde lotura.