ESKUBIDE SOZIALEN ALDE KALERA IRTEN GARA ETA KALEAN JARRAITUKO DUGU

Gaur Bilbon eta Donostian kalera irten gara Eskubide Sozialen defentsan eta Babes Sozialerako Sistema Publiko Propioaren alde. Gaur prestazio sozialen erabiltzaileen ahotsa entzun izan dugu, aurretik pentsionistena entzun genuen bezala, eta hurrengo asteetan sindikatuena eta mugimendu feministarena entzungo dugun bezala.

Hauxe da gure irakurketa:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Enplegu Zerbitzuko erabiltzaile eta DSBEaren hartzaileen eskutik, Bilbon, Mazarredoko Lanbideren bulegoen aurrean ondoko irakurketa plazaratu nahi dugu:

Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSOE), Alderdi Popularraren babesa bilatu nahian, aurkeztutako Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma proposamena —15 modifikazio eta 5 normatiba aldaketekin— aurkeztu zuen Enplegu eta Politika sozialetako sailburu den Beatriz Artolazabalek. Neurri hauek laguntza hau jasotzeko bete beharreko baldintzak gogortzen dituzte eta prestazio sozial honi lotutako eskubideak murriztu.

Murrizketa hauen ondorioz pobreziarekin amaitu eta oinarrizko bizibidea bermatua izatea zailduko dute:

• Etxebizitza bakoitzean presazio bakarreko muga ezartzen du, etxebizitza batean bizi diren pertsona guztiak elkarbizikidetasun unitate bakarreko kide bezala kontutan hartzen ditu; nahiz eta odolkidetasun edo harreman afektibo edo familiarrik ez egon. Ez da kontutan hartzen bizikidetasun unitate ezberdinak etxebizitza konpartitzeko beharrean daudela, diru sarrera apalak eta alokairu altuei edo hipotekei aurre egiteko zailtasunak dituzten familia edo pertsonak direlako.

• DSBEren kopurua lan munduaren errealitateko elementuetatik deslotzen da, hala nola Soldata Minimo Interprofesional edo Kontsumo Prezioen Indizetik. Beraz, honen aktualizazioa Auronomia-Erkidegoko aurrekontuak negoziatzen dituzten alderdi politikoen borondateari lotuta egongo da. Eskubide sozialak prekarietatea edo pobrezia egoera pairatzen duten sektore sozial zabal eta askotarikoetatik urrun hartzen diren erabakien menpe egongo dira.

• Murrizketa politikak justifikatzen dira kriminalizazio kanpainen bidez. Hauen helburua kolektibo ezberdinak — sektore sozial prekario edo pobreziari aurre egin edo etxebizitza duina izateko aukera minimo batzuk bermatzearen aldeko (adibidez etxebizitza konpartituz) sozializazio formak—estigmatizatuz eskubide sozialekin amaitzea da.

Ez da honelako murrizketak aplikatzen dituzten lehen aldia. Azken urteetan babes sozialaren aurkako erasoak asko eta gogorrak izan dira. Kopuruak murriztuz, 2012ko aurrekontuetatik ezarritako %7ko murrizketa bezala, prestazio hauek jasotzeko bete beharreko baldintzak handituz (DSBE/EPO/AES) edo, duela gutxi bezala, Soldata Minimo Interprofesionalaren %8ko igoera ez aplikatuz Lanbidek gestionatzen dituen prestazioetan.

Aipatutako murrizketen bidez babes sozialerako sistema desegiten ari dira. Sistemak geroz eta pertsona gutxiago babesten ditu eta prestazio geroz eta baxuagoekin. Horregatik diogu honen atzean politika eta pertsona zehatz batzuk daudela. Patronala, lan erreforma baliatzen ari da lan baldintzak kaskartzeko, eta honela pobre gehiago sortzen ari da. Eremu politikoan, babes soziala murriztu eta desegiten ari diren horiek, hartzaileak kriminalizatzen dituzten horiek, pobrezia betikotzen ari dira.

Eusko Jaurlaritza, berau sostengatzen duten alderdiak, euren aliatu politikoak eta Beatriz Artolazabal Sailburuak berak ahaztu egiten dute Euskal Herrian pobrezia existitzen dela eta bizi baldintzen prekarizazioa areagotzen ari den egitate bat dela, ez asmaturiko kontu bat.

Herritarren multzo handi batek, handiegia den multzo batek, ez ditu errekurtso ekonomiko nahikoak ongizate maila minimoa eskuratzeko. Herritar hauek ez dira kriminalak, baldintza kaxkarretan bizirauten duten herritarrak dira. Eta halaxe baieztatzen dute Eusko Jaurlaritzak duela gutxi pobreziari buruz egindako inkestaren datuek.

Era berean, lan baldintzetan areagotzen ari den prekarizazio egoerak arrakala soziala eta langile pobreen kolektiboa handitu ditu. Kolektibo honetan sartzen dira enplegua eduki arren, ongizate maila duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik ez duten herritarrak, prestazio sozialak eskatzera behartuak daudenak. Zehazki, 12.321 pertsonek osatzen dute kolektibo hau, RGI-a jasotzen dutenen %20. Bestalde, 15.706 pentsionistek ere euren pentsioa RGI-arekin osagarritzen dute, jasotzaileen %30. Hortaz, datuak eskuan, RGIa jasotzen dutenen %50arentzat arazoa diru-sarrera baxuak eskuratzea da, ez lanik egin nahi ez izatea.

Pobrezia ez da krisiaren ondorio naturala, ez horixe! Lan baldintzen kaxkartzeak eta zerbitzu publikoen eraispenak politika neoliberalen logika zein helburuei erantzuten die. Politika neoliberalekin, pobrezia hedatzen den bitartean, Confebask, Petronor, Iberdrola, konstruktora edota Kutxaban-en irabaziak handitzen ari dira.

DSBE-aren erreformaren aurrean (Diru-sarrerak bermatzeko eta Inklusio Sozialari buruzko, abenduak 23ko 18/2008 Legea da erreformatu nahi dutena), pobreziarekin, behingoz, amaituko duen lege berria aldarrikatzen dugu eta pobrezia egoeran sakontzen duten murrizketak etetea. Egoerari buelta eman eta beharra duen inor DSBE gabe ez gelditzea da erronka.

Lan pobreziari eta bizitza prekarioei aurre egiteko alternatiba badugu, Babes Sozialerako sistema propio publiko duin eta kalitatezkoa, hain zuzen ere. Bizi proiektu aske zein autonomoa egingarria egingo duen sistema, prestazioak eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituen sistema. Aldarrikatzen dugun erreformak hori bermatu beharko luke eta horregatik irten gara gaur kalera, Lanbide eta Eusko Jaurlaritzako bulegoetan mobilizazioak eginez.

MURRIZKETAN AURREAN, EGOERARI BUELTA EMAN ETA EMERGENTZIA SOZIAL ZEIN POBRETZE EGOERA OROKORTUARI AURRE EGITEKO, MOBILIZAZIOAREN ALDEKO APUSTUAN BERRESTEN GARA.

Bilbon, 2017ko ekainaren 14an

Eta hauek dira testimonio batzuk:

Kategoria: Uncategorized. Gorde lotura.