MANIFESTATU ZAITEZ! EZ DIEZAZUTELA PENTSIOA LAPURTU

Apirilaren 10an, 12:00etan, Donostiako Bulebarrean
Kezkatzeko moduko egoeren aurrean gaude, eta kontua da etxe askotan gorriak ikusten ari garela hilabete amaierara iristeko edo zaitasun handiz egiten dugula.

Pobretutako klase sozial baten kide gara, bihotzik gabeko sistema kapitalista honek indartzen dituen soldata baxuen, lan prekarietatearen , pentsio ziztrinen eta ikaragarrizko ezberdintasunen ondorioz.

Gipuzkoan 183.384 pertsona gara pentsionistak, biztanleriaren % 26, erdiak 1.080 €-tik beherako pentsioak kobratzen ditugu, eta emakumeak pentsiorik baxuenak ditugu; era berean, 43.600 alargunen % 90 emakumeak gara, eta bataz beste gure pentsioa 743 €-koa da, azkenik, DSBE (diru-sarrerak bermatzeko gutxieneko errenta) kobratzen dutenen % 27 pentsionistak dira, eta horietatik % 67 emakumeak. Errealitate gordin horren parte garenok ez dugu onartuko politikariek eta Eusko Jaurlaritzak miseria gorrian bakarrik utz gaitzaten, gure pentsioen erosteko ahalmena bermatu gabe eta duintasunik gabeko zahartzaroarekin.

Lanean aritu ginen, atsedenik gabe eta duintasunez bizi nahi ditugu gure bizitzen azken urteak. Gaur egun, zoritxarrez, boterean dauden eta ekonomia gobernatzen duten politikariei ez zaie askorik inporta zein egoeratan gauden pentsionista asko. Baina, hori bai, asko inporta zaie aberatsei laguntzea eta mesedeak egitea, zerga gutxiago ordaindu eta beren soldata itzelak eta neurriz kanpoko pentsioak manten ditzaten.

2016ko irailaren 21ean Eusko Lege Biltzarrean 71.724 sinadura aurkeztu genituen, 1.080 €-ko gutxieneko pentsioa izateko eskubidearen alde eta Euskadin Pentsio eta Gizarte Segurantza Sistema Propioa eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak dioenaren arabera, “lehendabizi pertsonak” lelotzat du, baina alde batera utzi gaitu. Dena den, 71-724 sinatzaileak pertsonak gara eta uste dugu gure eskubideen alde egiten dugula eta ez gara nekatuko errepikatzen, aintzakotzat hartzen gaituzten arte, gure bizitzak eta osasunak haien etekinak baino askoz gehiago balio dutela.

PENTSIOAK EZ DIRA BAKARRIK ADINEKO PERTSONEN ARAZOA, GURE ARAZO HANDIENETAKO BAT DA

DUINTASUNA ELKARTEA. Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunak

Kategoria: Uncategorized. Gorde lotura.